Jokoz kanpo
Manuk eta Martinek futbol talde banaren ardura dute. Mutil kozkorrak entrenatzen dituzte, kirol miresgarri honek dituen balore guztiak eransteko asmotan.
Manuk eta Martinek aspalditik ezagutzen dute elkar. Manuk eta Martinek finala dute begien bistan. Eta finala irabazi egin nahi dute.
Garaipena dute nor direla frogatzeko modu bakarra, bizitzan ez daudela jokoz kanpo erakusteko aukera bakarra.
Aktoreak
Anartz Zuazua
Zuzendaria
Asier Hormaza
Aktorea
Asier Sota
Aktorea
Joseba Apaolaza
Aktorea
Kritika
Testosterona dago jokoan
Antzezlana: Jokoz kanpo
Data eta lekua: Lugaritz Kultur Gunea, 2015/06/14
Autorea: Mikel Pagadizabal, Nagore Aranburu eta Anartz Zuazua
Zuzendaritza: Anartz Zuazua
Antzezleak: Joseba Apaolaza, Asier Hormaza, Asier Sota
Jakin-min ia antropologiko batetik abiatuta, baina begiratu komiko
batez, futbolaren zirrikituetan barneratu da Borobil teatroa obra
honetan –tira, futbolaren dimentsio erraldoiaren parte txiki batean,
beharrez–; alegia, helduen jokaera umeen futbolari dagokionez.
Kuadrilla bereko bi gizon juzgatzen diren epaiketa batean hasten da
kontua, eta tragedia horretara ailegatzeko gertatutakoak
denborazko jauzien bidez kontatzen dira. Emanaldiak barra-barra
ditu umorea eta erritmoa, aktoreek daukaten esketxerako
eskarmentua antzerki formaturako egokiro baliatuta. Hamabost bat
pertsonaiari bizitza emateko lan bikaina egiten dute hirurek,
kantitatez eta kalitatez: pintzelkada txikiekin margotuta badaude ere,
tankera ederrekoak dira sortzen dituzten arketipoak.
Hori bai, obrak aurrera egin ahala, berehala ohartzen gara beste gai
bat azaleratzen dela, lehendabizikoaren ezinbesteko erregai bezala:
hain zuzen ere, arren arteko lehiakortasun primarioa. Hala,
futbolaren faunari buruzko erradiografia gizonkeria-tipologien
zerrendaketa zorrotza bihurtzen da.
Neuri behintzat argi geratu zait irabazteko premia zoroan jendeak
iparra galtzen duenean, futbola, berez, gutxienekoa dela.
Testosteronaren txotxongilo ganorabakoek berdin-berdin gurtuko
lituzkete bestelako kirol, jolas edo zirku jarduerak, potroen tamaina
neurtzeko aproposak balira.
Beraz, publikoan barre algarak eragiteaz gain, esan beharra dago
obra honek ez duela alferrik galtzen kritika plazaratu eta gogoeta
eragiteko beta; izan ere, erakusten diren gizarte-dinamiketan
norberak daukan ardurari deiturik bukatzen da lan borobil hau.
2015ko ekainaren 17a | Jaime Valverde | Gara
Jaime Valverde
17 de junio de 2015